Historia

Luis lruarrizaga Abesbatza

 

Aita Luis Iruarrizagari eskaini jakon azken omenaldia 1979an izan zan, bere heriotzaren 50. urteurrenean. Omenaldi haren oihartzunak ahaztu barik egozala, eta Igorreko hainbat koru musikazaleren batzar batzuen ondotik, 1980. eko hondarretan Luis Iruarrizaga Abesbatza jaio zan; orduan gizonezko 14 ahots izan ziran. 1981.eko martian lehenengo zuzendaritza batza eratu zan eta lehenengo batzarretako baten gizonezko abotsei andrazkoenak gehitzeko proposamena egin zan; proposamena onartu eta behin betiko abots nahasiko Abesbatza osotu zan. Abesbatzaren lehenengo egoitza Marzelino Oreja kaleko 29an egon zan.

Izena, zelan ez, Luis Iruarrizaga maisu handiaren omenez hartu eben eta lehenengo ekitaldia urte bereko maiatzaren 31n izango zala bere erabaki eben. Timoteo Egiluz izan zan lehenengo lehendakaria eta Ruperto Lekue ostera lehen zuzendaria. Harrezkero, 27 urte honeetan zehar, hainbat koralista, lehendakari eta zuzendari izan ditu Abesbatzak.

Heldu zan maiatzaren 31n eta Igorreko Andra Mariaren eleizan egin eben euren aurkezpena. Egun haretan 45 ahotsek osatzen eben abesbatza, 20 emakume eta 25 gizonek. Ia guztiak ziran igorreztarrak, baina beste herriren batzutatik bere baegoazan.


Egun haretan, Kresenzio eta Ruperto Iruarrizagak euren anaia Luisen obrak emon eutseezan.

1981.eko udan bertan Areatzan, Diman, Bedian, Zeanurin eta beste herri batzutan kontzertuak eskeini ebazan Abesbatzak eta handik lasterrera Arratiatik kanpora bere baegoan bere entzutea. Begoñako Andra Mariaren eleizan  behin baino gehiagotan entzun zirean abeslarien ahotsak, eta Udaberriko Kontzertuetarako, Abesbatzen Egunerako zein antzeko urteroko kontzertuetarako gonbitea bere hartzean eben.

Urte hareetako lorpenik garrantzitsuena musika eskola baten sorrera izan zan. Laurogeigarren hamarkadaren erdialdean  musika irakaskuntzan egoan gabeziari erantzun gura izan eutseen, beste batzuekaz batera, abesbatzekoek. Igorreko Udalaren laguntza lortuta, solfeo, koral eta armonia klaseak hasi zirean, eta pianoa, akordeoia eta beste musika tresna batzuk jotzeko ikastaroak baita bere. Gerorago, Arratiako Musika  izan dana.


Urte batzutan bere ibilbidea bertan behera  egonda bere (1989-1992), barriro agertu jakuzan Luis Iruarrizaga Abesbatzekoak indar barriturik. Maren Iturbek hartu eban programazinoa eta kantatzeko leku barriak topetako ardurea eta Luis Angel Jauregi ezarri zan zuzendaritzan.

Abesbatza sendotuta, urtero-urtero izan dogu Begoñako basilikako Musika Asteetan, Udaberriko Kontzertuetan eta Euskadiko Abesbatzen Egunetan. 1996an Burgosko Teatro konpainiarekin elkarlanean parte hartu eban “La puerta magica” umeentzako txotxongilo-obran; 1997ko martian Zumarragako koru musika lehiaketan bere abestu eban; Andorran, Campodronen … eta  Ruperto Iruarrizaga eta Tomas Manzarragaren jaiotzaren mendeurreneko kontzertuak. Horrezaz gainera, Madrileko Loiolako Inazio Deunaren eleizan eta Mariaren Bihotzaren Santutegiko parrokian kontzertuak eskaintzeko joan ziren bertara.

2006. urtean ospatu eben euren XXV. urteurrena eta, hori dala eta, Urdulizko Tio Pete estudioetan, euren ibilbidean izan dabezan kantu esanguratsuenakaz, musika CD-a grabatu eben. 16 abestiz osatutako CDa dogu eta aipagarri dira urteurrenerako konposatu eutseezan abesti bi: “Kanta ezazu euskalduna”, Igor Estankonaren olerkia,Ruper Lekuek musika jarria, eta “Erreka biren artean, Gaizka
Amondarainen olerkia, Xabier Ituartek musika jarria. Bitartean, Luis eta Ruperto Iruarrizagaren “Txori erresiñula”, “Ortzian izar ederra”, “Eperrak”, etab. Sasoi horretan koruko zuzendaria Miren Bernaola zan.

Luis Iruarrizaga abesbatza elkartea